Autodeterminazioa eta
lurraldetasunari buruzko
zenbait hausnarketa

Kepa Bilbao
(hika nº177 mayo 2006)

Azken urte hauetan, autodeterminazioa eta lurraldetasuna euskal nazionalismoaren diskurtso politiko eta ideologikoaren bi ardatz nagusi bihurtu dira. Hurrengo lerroetan gai hauei buruz arituko naiz zenbait hausnarketa egiten. Ez naiz amen jesus! esateko pertsona. Politika mailan ke saltzaile asko dabil boto eta botere bila. Lerro hauek gonbidapen bat baino ez dira gogoetak egiteko, eztabaidatzeko, erabiltzen ditugun kontzeptuak zehazteko, topikoetatik aldentzeko, gizarte osoa -eta ez zati bat- kontuan hartzeko, politikaren lege zitalari ez jarraitzeko, gauzak desitxuratu baino egiten ez dituelako.
Egun, euskal nazionalismoari gehien gustatzen zaion leloa hau da: “Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki-tzeko eskubidea du”.
Nik teorikoki behintzat ez daukat ezer formula horren aurka, nahiz eta nire ustez euskal nazionalismoak joera handiegia eduki, eskubideak eta helburu politiko legitimoak nahasteko.
Nagusitasun politikoa dudanetik, autodeterminazioa defendatu izan dut. Gehiago esango nuke, frankismoaren garaian eta trantsizioaren lehenengo urteetan, nazionalistek independentzia aldarrikatzen zuten bitartean, nik autodeterminazioa aldarrikatzen nuen, beraien irainak eta mesprezuak pairatuz. Ez da ahaztu behar, frankismo ondorengo trantsizio demokratikoan, E.A.J.-k ez zuela autodeterminazioa defendatzen, beste formula bat baizik, eta ezker abertzalearen bandera nagusia independentzia zela. HBk kontzeptu likidazionista kontsideratzen zuen autodeterminazioa garai hartan. Baina, hori antzinako kontua da eta euskal nazionalismoaren munduan gauzak asko aldatu dira, joan den mendeko 80 eta 90 hamarkadatik hona.
Azken urte hauetan, autodeterminazioa, era batera edo bestera esanda, abertzaleen bandera nagusia bihurtu da helburu batekin: subirotasun nazionala lortu euskal etnokrazia baten bidez.
Nik, ostera, urteak pasa ahala, autodeterminazioari ikuspuntu konplexuago batetik begiratu diot, nazioarteko experientziek, gure errealitateak, herritarren ideiek eta nortasun sentimenduek hura hobeto ezagutzeko parada eskaini baitidate.
Autodeterminazioak formula demokratikoa eta bidezkoa dirudi, baina formula horretatik haratago joaten bagara eta bere esanahian eta gure gizarte aunitzean edukiko lituzkeen ondorioetan sakontzen badugu, hobeto pentsatu beharra dagoela ematen du.
Euskal nazionalismoak Herria hitza era guztiz zehatz eta finkoan erabiltzen du, ikuspegi antropologiko eta kulturala ikuspegi politikoarekin nahastuz. Hainbatetan aipatutako Kanadako Auzitegi Goreneko sententziak honela esaten du herria hitzari buruz: “Herria hitzaren esanahiak zehaztugabea jarraitzen du izaten” .
Gure errealitatea kontuan harturik -pluraltasun politiko-ideologikoa, hizkuntza aniztasuna, nazio sentimendu ezberdinak- autodeterminazioa aplikatzeak zer nolako ondorioak ekarriko lituzkeen galdetu beharko genioke geure buruari, hau da, zer egingo lukeen gehiago, konpondu ala okertu dauzkagun elkarbizitzarako arazoak.
Bestalde, autodeterminazioak -edo euskal herritarrak bere etorkizuna erabaki behar duela esateak- ez du ezer argitzen, hau da, nork, noiz, non, nola eta zertaz autodeterminatu argitu arte, hutsean gabiltza. Mundu abertzalea galdera hauei erantzutean bat ez etortzeak gaur gertatzen den bezala, erakusten du autodeterminazioa aplikatzeko zailtasun handiak daudela.
Halaber, Autodeterminazioa ez da abiapuntu komuna euskal-nafar gizartean. Aldekoak, aurkakoak eta indiferenteak daude.
Zati handi batek autodeterminazioa helburu demokratiko eta funtseskotzat jotzen du, Euskal Herriaren berezitazunari erantzuteko. Alderantziz, beste zati handi bat autodeterminazioaren aurka agertzen da, artifiziostzat jotzen duelako, edo/eta bizi garen baldintza demokratiko eta autonomikoetan haren beharrik ikusten ez duelako.
Autodeterminazioaren bideragarritasunaren arazoa konstituzioan aurkitzen dela pentsatzen dutenentzat, nire ustez, ez dago Gardentasunaren Legea delakoaren onarpena beste bermerik, Canadan egin den bezala. Gardentasunaren Lege honek zehazten ditu independentziaren bidean bete behar diren baldintzak: erreferendumaren galderan argi eta garbi planteatu behar da sezesioaren auzia; gehiengo esanguratsu bat sezesioaren alde agertu behar da; gero mugen eta ondareen banaketa egokia negoziatu behar da; azkenean Estatu independiente berriak onartu behar du barruko gutxiengo baten independen-tziarako eskubidea eta gutxiengoen eskubideak ondo babestuta eta bermatuta geratu behar dira.
Canadako Gorengo Aginteak debekatu egin du Quebec Canadatik ateratzea aldebakarreko erabakiarekin. Halaber, onartu egin du Quebeceko gehiengo batek Canadatik bereizi nahi izanez gero, Canadako gainerakoek ezin izango luketela eragotzi. Arautegi hau inplikatu guztien arteko berdintasunaren hitzarmenetan oinarrituta dago. Funtsean esan nahi duena da inor ez dela bere borondatearen aurka derrigortu behar onartzera erabakitakoaren kontrakoa, eta honek balio du, alde zein aurka daudenentzat. Sezesionistek aldarrikatzen dute Estatuaren banaketa, eta era berean, beraien etorkizuneko Estatu berriaren zatiezintasuna. Hau da, hain zuzen ere, sezesionista guztiei da-txekien kontraesana. Kontsekuenteak izango bagina, parte biek arautegi berbera onartu beharko lukete.
Egun hauetan, Montenegro Serbiatik banandu da, federazio bien arteko oneritziarekin eta Europako Batasunak ipini dituen baldintza batzuekin, Gardentasunaren Legeari nolabait jarraituz. Galdera garbi bati erantzun diote: “Bat zatoz Montenegroko Errepublika estatu independente eta nazioartean subiranotasun osoko bihurtzearekin?”. %55,5eko gehiengo batek baietza eman du.
Euskal Herrian, jadanik, denok dakigun bezala, eta ez dezagun engainatu gure burua, nafar biztanleriaren gehiengo batek, %70-%80k, ez du parte hartu nahi Estatu independiente batean EAErekin, eta Iparraldean ezezko hori handiagoa litzateke. Bakarrik EAEn ematen da gehiengo bat autodeterminazioaren alde. Horrela izanda, euskal nazionalismoak onartu egingo luke errealitate honen adierazpena? Euskal nazionalismoak EAEn onartuko luke Gardentasunaren Legeak zehazten dituen independentziarako baldintzak? Euskal alderdi nazionalista guztiak prest egongo lirateke EAEko biztanleriari zuzenean galdetzeko ea Espainiatik bereizi nahi duen ala ez, Montenegron egin duten bezala? Hain seguru dago euskal nazionalismoa EAEko biztanleriaren gehiengo batek Espainiatik banandu nahi duela Estatu propioa eraikitzeko?
Egia hutsa da, autodeterminazioaren muga ez datzala Espainiako konstituzioaren 8. artikuluan (armadarenean), gure errealitate plural eta aunitzean baizik. Pluraltasun hau ez da herri guztietan ematen, gure pluraltasuna sakona da, bigarren graduko pluraltasuna, Charles Taylor adituaren esanetan.
Euskal Herriaren konplexutasunaz jabetzeko errealitateari aurrez aurre begiratu behar zaio, aurreiritzi barik. Euskal Herriko herritarrek ez dituzte denek modu berean ulertzen Espainiarekiko eta Frantziarekiko harremanak.
Jokoan dagoena, autodeterminatu behar dena, ez da Euskal Herriaren ideia nostalgiko bat, Euskal Herriaren hezur-mamizko gizartea baizik, era ezberdinetan pentsatzen duen jende konkretua, hauteskundeetako emaitzek frogatzen duten bezala.
Adibide bezala, ikus ditzagun 2004ko Espainiako hauteskundeetako emaitzak. Izan ere, Euskal Herriko argazki elektorala, abertzale eta ez abertzaleen arteko indar korrelazioa, ezer gutxi aldatu da azken urte hauetan.
· Diputatuen kopuruari dagokionez, Euskadin zein Nafarroan, euskal nazionalismoak 9 diputatu lortzen ditu eta euskal nazionalismoa ez denak (UPN-PP+PSN-PSE) 15. (falta dira Batasunak edukiko zituzkeen diputatuak)
· PSE-PSN da boto gehien lortzen duen alderdia, hau da, Nafarroan zein Euskadin, alderdi sozialista da nagusia.
· Orohar, euskal alderdi nazionalistak ez direnek (PP+UPN+PS+CDN) 813.834 boto lortzen dituzte. Euskal alderdi nazionalistek Euskadin eta Nafarroan dituzten botoak (Ezker Batua barne eta baita ere %90 baliorik gabeko botoak Batasunarekin zerikusia daukatenak) 821.400 botoekin, gutxigatik, irabazten diete euskal alderdi nazionalistak ez direnei.
· E.A.E.n euskal nazionalismoak (EAJ/EA, Aralar-Zutik, nuloa) %36,22 lortzen du. Euskal nazionalismoa ez denak (PP, PSE) %32,23 eta Ezker Batuak %5,76.
· Nafarroan, Nafarroa Bai-k (Aralar, EA, PNV eta Batzarre) 60.645 boto (%18). Batasunak 11.800 boto (%3) lor-tzen ditu. Guztira 72.448 boto (%21,24). PSN-k, 112.863 (%33,5) eta UPN-CDN-ek, 125.924 (%39). Azken biak, guztira %72,5. Ezker Batuak ia 20.000 boto lortu ditu.
· Gogoratu, Iparraldean, azken hauteskundeak kontuan harturik, eskuin frantsesa dela nagusi eta euskal nazionalismoa gehien jota %10-era helduko litzatekeela.
· Nortasun sentimenduak oso desberdinak dira, bai lurralde bakoitzaren barruan eta bai lurralde batetik bestera. Iparraldeko hiritarren gehiengoa (%53) lehenik frantses sentitzen da, fran-tses-euskaldunek %24 osatzen dute, eta bereziki euskaldun sentitzen direnak %16 dira (ikusi Pantxoa Etchegoin, 2005: sormenaren urtea iparraldean, Jakin-151). Euskadin, inkesten arabera, %60 euskal/espainola identitate bikoitza da nagusia eta Nafarroan identitate nafar/espainola agertzen da nagusi.
· Zentsoaren arabera autodeterminazioaren aldeko alderdien botoak E.A.E.n %43,09 eta 761.520 boto dira. Alderatzeko, 1979ko Euskadiko Estatutua kontuan hartzen badugu, %53,97 lortu zuen eta horrek suposatuko luke, gaurko errolda kontuan harturik, 953.171 hautesle.
Pluraltasun sakon honen aurrean, euskal nazionalismoari zera eskatuko nioke: euskal lurralde bakoitzaren gaurko benetako nortasuna eta errealitate politiko-soziologikoa aintzat hartzea. Zehazkiago, Nafarroaren eta Iparraldearen errealitate ezberdina kontuan hartzea, non euskal nazionalismoa gutxiengoan dagoen eta beronen proposamenek gehiengoen babesik ez duten. Ez dauka zentzurik gutxiengoan egon eta “aintzatespena” exijitzea, gehiengora iristean hori bera “bestearentzat” onartzeko prest ez gaudenean. Halaber, esan behar da, eskubideak dituztenak ez direla lurraldeak, herritarrak baizik. Beraz, autodeterminazioa ez zaio lurralde bati lotzen, baizik eta herriari (herria lurraldeka antolatuta badago ere).
Lurraldetasunari dagokionez, funtsezko lurralde bereizketa bat daukagu, Euskadi eta Nafarroa, biak ere herri babes sendoa duten instituzioekin. Iparraldea eratzeke dagoen beste subjektu politiko bat li-tzateke. Hori da dagoena eta abiapuntutzat hartu behar duguna. Ezin gara adanismo inozo batean bizi gure historia egunero birfundatu nahian, gaurko egitura politiko-administratiboen gainetik jauzi eginez. Hori, gaur behintzat, errealitatetik at dago. Arrazional eta arrazoizkoa litzatekeena da, 25 urte baino gehiago igaro ondoren, Nafar Foruaren Hobekuntza eta Euskadiko estatutuaren gaurkotzea eta hobetzea biztanleriaren gehiengoaren nahia horrela bada.
Honekin guztiarekin ez diot euskal nazionalismoari ukatzen daukan eskubidea beraren helburu politikoak aldarrikatzeko, negoziatzeko eta azkenean, indarra duenean, kontsulta demokratiko baten bidez berresteko. Baina, era berean, logika berbera erabiliz, eskubide edo legitimitate hori ezin diet ukatu espainiar eta nafar-espainiar nazionalismoei. Azpimarratu nahi dudana da, euskal nazionalismoak ezin duela kontsulta hori aurrera eraman, bere kabuz, beraien moduan pentsatzen ez dutenak aintzakotzat hartu gabe, behintzat, benetan denontzako herria eraiki nahi badugu eta ez euskal nazionalistentzako herria bakarrik.
Hemen ez da eztabaidatzen tabakoaren kontrako lege bat, non, gehiengo sinple batekin nahikoa izango litzatekeen. Hemen eztabaidatzen ari garena hain sakona izanik, ez du balio gehiengo sinple batek, baizik eta gehiengo esanguratsu batek. Beste modu batera esanda, alderdi eta hiritar gehiengo baten adostasuna behar litzateke. Eta gainera, euskal nazionalismoak ezin du kontsulta hori aurrera eraman, baldin eta nazionalistak ez direnek nazionalistek beren ideiak, helburuak, desioak eta nortasun sentimenduak aldarrikatzeko dauzkaten askatasuna eta eskubide berberak ez badituzte. Horrek esan nahi du, lehenengo eta behin, ETA-k desagertu egin beharko lukeela. Badirudi hortan gaudela martxoko ETAren su-eten iraunkorrarena jakin ondoren, baina ETAk Garan egindako adierazpenak oso kezkagarriak izan dira. Adierazpen horien arabera, lurraldetasuna eta autodeterminazioari buruzko hitzarmenak baldintzatzen du su-etena. Hori horrela planteatzea txantaia morala baino ez da, baldintza horiekin bat ez datozenei biolentziaren luzapenaren konplize bihurtuz.
ETAren ordezkaritza politikoak, H.B.k, egin den 8 hauteskunde autonomikoetan E.A.E.n, bataz beste, %15,37 boto lortu ditu eta Nafarroan eta Iparraldean askoz ere boto gutxiago, denok dakigun legez. Hau ez da nahikoa, Euskal Herriaren edo euskal-nafar guztien izenean hitz egiteko, are gutxiago bere egitasmoa eta munduikuskera abertzalea inposatzeko.
Euskal Herri antropologikoa eta kulturala bi Estatu eta hiru esparru politiko instituzionaletan bananduta dago. Bertan euskal nazionalismoaren indar elektorala guztiz ezberdina da. Lehen esan dudanez, Iparraldean %10era ez da heltzen, Nafarroan %20ren inguruan dabil eta E.A.E.-n, bakarrik, lortzen du %50 baino apur bat gehiago izatea.
Errealitate honen aurrean, E.A.E-n bakarrik ikusten dut posibilitatea kontsulta hori aurrera eramateko egunen batean. ETA barik eta akordio handi baten ondoren, noski, horrela posible litzateke herritarrek alderdien arteko oinarrizko akordioa erreferendum baten bidez berrestea.
Errealista izanez, Iparraldean posible da kulturaren arloan euskararen ofizialtasuna lortzea. Politikan, berriz, Euskal Departamendu bat izango litzateke hurrengo hamarkadetan gehien lortu ahal izango luketena.
Nafarroan, ez legoke txarto nafar alderdiak hurrengo puntu hauetan akordio batera helduko balira: a) nafarrei EAErekin bat egin edo ez erabakitzeko eskubidea ematen dien Espainiako Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorra errespetatzea; b) euskararen ofizialtasuna lurralde osoan; c) euskal-nafar eta nafar-espainiar identitateen arteko hitzarmena; d) euskal sinboloen erabilpen ofiziala era egoki eta irekian arautzea; e) harreman on eta berezi batzuk E.A.E.-rekin.
Hau guztia, nahiz eta euskal nazionalismoak gutxi dela pentsatu, ez litzateke gutxi izango.
Bitartean, ETA eta Espainiako Gobernuaren negoziazioetan tirabira asko egongo dira hurrengo urteetan. Bestaldetik, alderdi guztiek jarraituko dute eztabaidatzen. Arazo asko dago auzi honetan eta zaila ikusten dut guztiok onartzeko moduko irtenbide bat aurkitzea ez badugu bidean zerbait uzten, akordio guztietan gertatzen den bezalaxe. Halaber, euskal-nafar herritarrok igaroko dugu hurrengo hiru urteetan -2007an udaletxe eta Foru Aldundien hauteskundeak, 2008an hauteskunde orokorrak eta 2009an autonomikoak- gure hitza ematen. Hauteskunde hauek emango digute parada, biztanlegoaren preferen-tziak berriro ere kontuan hartzeko eta hausnarketekin jarraitzeko ahal denik eta zehatzen eta zuhurren jokatzeko.